martes, 27 de diciembre de 2011

TASAK, ZERGAK ETA ORDENANTZAK

Udal Osoko Bilkurek ohikoa ezohiko bilakatu dute eta arrunta dena premiazko...
Egoera bere testuinguruan...
Azaroaren 15ean ospatu zen premiazko ezohiko Osoko Bilkura tasak, zergak, ordenantzaren modifikazioren bat eta ordenantza berriren bat onartzeko.
Jorratu zen lehen puntua izan zen Osoko Bilkuraren premiatasunaren ingurukoa. EAJ-PNVren udal taldeak premiatasunaren kontrako bozka eman zuen; hona hemen boto horren azalpena:
Zer ote da Osoko Bilkura baten premiatasuna? Egia da Osoko Bilkura 12 ordu lehenago deitu ahal dela, baina hori kasu berezietarako eta ezinbesteko jotzen diren gaietarako dago. Premiazkoa al da Osoko Bilkura deitzea, 12 egun lehenago lan taldean jorratu ziren gaiak aztertzeko? Ez, premiazkoena dena da Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aldi bitan epea agortu egiten dela eta hori ezinbesteko baldintza da 2012 urtera begira.
Irailaren hasieran egin zen osoko bilkuran iragarri genuen gai hau jorratu beharra zegoela epeekin zegoen arazoagatik. Azaroaren 3an egin zen lan taldea, zergatik deitu da gero osoko bilkura arinka eta presaka?
Hau ez da urgentzia, planifikazio eskasa baizik. 19 ordu lehenago deitu gintuzten eta agiri guztiak egon gabe. Bai Itziar, lan taldean agindu zenizkigun agirien erdiarekin bakarrik. Osoko bilkuran esan genuenez, eta  lan taldean hartu genituen apunteekin erakutsi genizunez, “zure konfiantzako pertsonei” galdetu zenien agiriak guri ematerik ote zenuen eta hauek baiezkoa eman zuten baina zalantza batzuekin, baina, hala eta guztiz ere baiezkoa eman zuten. Orain bai, osoko bilkurarako deialdian, agiri bilduma horren zati bat baino ez zetorren.
Horren ostean, lan taldeko irizpidea plenoetan aldatu izana egotzi zeniguten. Esan egin genizun salaketa hori ez dela egia, ez gaitezen orain jendea nahasten hasi!
Guk irizpide propioa dugu eta iritzia alda dezakegu (kasu honetan hala izan ez dena arren) lan taldean edo plenoan; eta plenoan ere alda dezakegu, gauzak guk geuk entzun, aztertu eta erabakitzen ditugulako, EAJ-PNVren udal taldea osatzen dugunok. Gainerakoen ideiak eta proposamenak entzun eta aztertzen baditugu, aukera ona dela pentsatzen badugu, ez dugu inoren baimenik behar ordenantza, balorazioa edo behar dena aldatzeko. Eta jakina, guk geuk ere baditugu konfiantzazko pertsonak... entzuteko, baina ez gure lana egiteko eta guri agindurik emateko.
Horixe da eztabaidaren handitasuna, eta horretarako izan beharko luke osoko bilkura batek, ez gauzak aginduz ateratzeko aurkeztutakoan komatxorik aldatu gabe, nahiz eta aurkeztutakoa oker dagoela edo oposizioaren proposamena, azken xedapena hobetzen duela erakutsi.

Aipamen berezia merezi du zergak “ez igotzeak”
Arestian aipatu lan taldean, Bilduk OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga) % 50ean igotzea proposatu zuen etxebizitza hutsen kasuan eta EJZ (Ekonomia Jardueren gaineko Zerga) KPIaren arabera igotzea.
Gauzak horrela... osoko bilkuran OHZ eta EJZ ikutu gabe uztea proposatu zuten. Guk zergatia eskatu genien eta erantzun egin ziguten legeak ez zuela baimentzen etxebizitza hutsei gainkarga aplikatzea eta EJZ ez omen dago igotzerik, bere tipo gorenean dagoelako, hau da, Idazkariak berak esan ziena. Hala da da OHZren kasuan, baina ez da egia EJZ igo ez daitekeela.
Esan genuen eta Osoko Bilkuran ere erakutsi genuen, EJZ igo daiteke , zerga honek indize bik osatzen dutelako. Bata bere gorenean dago, baina bestea, lokalizaziokoa denak (enpresa udalerrian duen lokalizazioari egozten zaiona) igotzeko aukera ematen du ; eta kasu batzuetan dago gutxienean eta beste batzuetan nahiko baxu. Hala ere, dagoen moduan jarraitzea proposatu genuen. Eskerrak!. “Ez dut ezer ulertzen” aurpegiak ikusi genituenean eta ez zegoen plenora ekarritako ezer aldatzeko asmorik ez zegoela ikustean konturatu ginen ez zutela onartuko EJZra igotzeko proposamena.
EAJ-PNVren Udal Taldeak OHZren inguruan dagoen zerga iruzurraren kontra egitea proposatu zuen (aurreko gobernu taldeak egiten zuen moduan). Iruzur hori lokalizatuta eta zenbatuta dago.
Tasa eta zergen igoerari dagokionez, EAJ-PNVren Udal Taldeak autoen gaineko zerga igotzea onartu zuen, abstentzioa bozkatu zuen egoera txarrean dauden taldeentzako laguntasunak emateko ordenantzan (agiriak ez genituen jaso eta ezin aztertu) eta kontrako botoa eman zuen kopiak ateratzeko tasa kentzearen aurrean. Bilduren proposamena da ezer ez kobratzea eta hamar kopia baino ez egin ahal izatea. Galdera asko geratzen dira erantzun gabe... Hamar kopia egunean, astean ala hilean? Familiako ala pertsonako? Zuri beltzean, koloretan...? Laburbiltzeko, arazo handia gai hori kontrolatu behar duten langileentzat eta diskriminazioa zerbitzua erabiltzen ez duen jendearentzat.
Euskararen  ordenantzaren modifikazioa ere onartu zen, baina EAJ-PNVk kontrako botoa eman zuen...
Gobernu taldeak 4. artikuluan egiten duen aldaketan ikusten dugu lehen kontraesana, bertan alde batean jartzen baitira langabeak eta bestean baliabiderik ez duten pertsonak. Talde hauek biak bereiztu zituzten eta erabaki egin dute  hauetako lehenek (langabezian dauden pertsonek) laguntasuna jaso nahi badute eskolen % 75ra joan behar dutela, eta bigarren kasuan daudenek, hau da  baliabiderik gabekoek (eta honek ez du esan nahi langabezian daudela, baizik eta lanean egonda ere, gutxi jasotzen dutela) erakutsi beharko dute eskolen %85era joan direla. Bigarren taldekoek langabezian daudenek baino derrigortasun maila handiagoa dute. Artikulu hau berraztertzea proposatu genuen, baina Gobernu Taldeak EZ zuen gure proposamena onartu. 
EAJ-PNVren Udal Taldearen  ustetan Lan Taldeak ez dira ordenantza honetan agertzen diren gai batzuk erabaki behar ez dituztenak. Ados gaude talde hauetan gauzak azaldu, eztabaidatu edo proposatu ahal dira,... baina ez gaude ados talde hauek boterea izatearekin “kasu zehatzak interpretatzeko, eskabideei ebazpena emateko edo diru kopuru batzuk Udalari itzultzea ala ez itzultzea erabakitzeko eskumena izateko. Ordenantzako artikuluek zera ezartzen dute hitzez hitz:
4.1.3.g. art.“ Antolaketa Lantaldeak kasu bakoitzean, eskatzaileen ondasun eta haien balioari buruz agertzen diren zalantzen gainean ebazpena hartzeko eskubidea edukiko du”.
8.art. “Eskabideen gaineko ebazpenak Antolaketa Lantaldeak  hartuko ditu, eskaera aztertu eta kreditu erabilgarririk dagoen ala ez egiaztatu ondoren”.
9.2.art. “Onuradunek ez badute beteko udal akordio honetako betekizunen bat edo diru-laguntza emateko ezarritako den baldintzaren bat, lantalde eskudunak erabaki ahal izango du emandako laguntzaren gaineko eskubidea galdu egin dela”.

Eta honen aurrean, zera galdetzen dugu... Hori ez al da Udal teknikari eta zinegotzien ardura? Edonork ikusi al ditzake gure datu pertsonalak (ondasunak,nominak, kontuak eta abar)? Non geratzen da orduan datuen babesa? Lan Taldeko edonork ikus ditzakeen datu horiek,zertarako erabiliko dira gero?  
Zalantzarik gabe, erabaki hauek eta beste batzuk ezin zirela Lan Taldeen eskumenekoak izan, baizik eta Udal zinegotzi eta teknikariena, hauek bai dutelako ardura (morala bai, behintzat) Udalean erabiltzen datuen inguruan. Gure proposamena da, esandako erabaki horiek guztietarako Lan Taldeak izan beharrean, “Udal Zinegotzi eta Teknikariak” jartzea. Gobernu Taldeak EZ zuen gure proposamena onartu .
Finantza Baliabideei dagokionez, Ordenantzak zera ezartzen du bere 5. artikuluan Partida hori agortutakoan, diru-laguntzak eten egingo dira harik eta esleipen berria egin arte. Jakin badakigu artikulu hori aurreko ordenantza batean ere bazegoela, eta horren aurrean esaten dugu hobekuntza egiteko asmoa dagoenez, ezin dela halakorik agertu. Ikasturtea irailean amaitzen duenak  maiatzean amaitzen duenak baino eskubide txikiagoa ote du ( kontzeptu honetarako partida amaitzen baldin bada)?
Arazo hori konpontzeko, EAJ-PNVk laguntasuna urtero emateko estimazioa egitea proposatu du, hau da, abenduan bertan begiratzea; eta eskabide guztietarako diru nahikorik ez badago, banaketa orekatua egin liteke. Gobernu Taldeak EZ du gure proposamena onartu.
Honetaz gain, agiriak aurkezteko epea ere murrizten da eta bi hilabeteko epea hilabete bakarrean geratu da (6. art.). Berriz luzatzea eskatu dugu eta Gobernu Taldeak EZ du gure proposamena onartu.
Amaitzeko, ordenantza honetan ikasleak non geratzen ote diren galdetu dugunean, alkate andreak erantzun du gurasoak dituztela ikastaroa ordaintzeko.
Orain arte (aurreko urtera arte behitzat hala izan zen, orain horrela ez dela ematen baitu) ikasleak “langabeen” atalean sartu dira eta laguntasuna jaso dute langabe direlakoan. Hemendik aurrera, izena eman beharko dute Lanbiden edo behar besteko gestioak egin beharko dituzte, eta horretarako adina ez dutenen kasuan... alkate andreak esan zuen moduan GURASOAK DITUZTE ORDAINTZEKO! Badakizue Arrankudiaga eta Zolloko ikasleok, hemendik aurrera diru laguntasuna eskuratu nahi baduzue, Lanbidera joan beharko duzue lehenago.  

Diru Laguntasunen Araudiaren gainean, oso oinarrizko eta zentzuzko aldaketak proposatu genituen...
2. artikuluan zera esaten du: Herrian egiten diren ekintzak izan behar dira”. Eztabaidaren ostean proposatu genuen puntu horrek zera ezartzea “ jarduerak herrian bertan edo herriko jendearentzat garatu beharko dira” ; eta Itziarrek horri erantzuteko zera irten zitzaion ustekabean “ hori ba, hortxe argi esaten du”. Gauza bat argitu behar dugu, hor ez du halakorik jartzen, ez, hori da EAJ-PNVko ordezkariok proposatzen ari garena. Garrantzitsu jotzen dugu aldaketa hori egitea, zentzu honetan herrialdetik kanpo egindako jarduerak kanpoan egongo liratekeelako..... zer gertatzen da orduan  kanpaldiarekin? Diru laguntasuna emango al diote kanpaldiari JARDUERAK HERRIAN EGIN BEHAR DIRA esaten duen araudiarekin? Aurpegia behar da! Apusturik bai? Halako Araudi nahasia egiteko, hobe egongo ginateke ezer gabe.
3. artikuluak zera dio: emandako diru-laguntzaren kopurua justifikatzen duten fakturak aurkez beharko dira. Agiri hauek jarduera amaitu eta hilabetera aurkeztu beharko dira, beranduenez. Eta betiere diru-laguntza eman den ekitaldia amaitu baino lehen aurkeztu beharko dira”.
Argi daukagu “diru-laguntza eman den ekitaldia amaitu baino lehen aurkeztu beharko dira”.zati hori kendu egin beharko litzatekeela, egiten den lehen baieztapenarekin hilabeteko epea argi geratzen delako; dena dela, gabonetan egin daitezkeen jarduerek oso denbora mugatua dute (eta esango genuke ezinezko gerta daitekeela egunaren arabera) kontu azalpenak urte berean aurkezteko.
7. artikuluak zera ezartzen du  Diru-laguntza ordainduta badago, dagokion lantaldeak jasotako diru-kopurua itzuli egin behar dela erabaki ahal izango du. Horrez gain, egokitzat jotzen dituen ekintzak egikaritzea ere erabaki dezake. Beste behin ere esan genuen hau dela udal zinegotzi eta teknikarien lana.
EZ zituzten onartu aldaketa txikienak egiteko egin genizkien proposamenak, eta ondorioz kontrakoa bozkatu behar izan genuen.
Ordenantza hau oker  datorkigu sortzez, guk susmatu bezala talde batzuk baztertzeko helburuarekin egin da , hala baieztatu zuen Itziarrek berak  eztabaidaren beroaldian “ulertu nahi duenak ulertuko du” eta “horrela ez dira King-Boxing eta antzekoak etorriko” moduko perlak esan zituenean”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario